Sorting by

×

Mugikortasun elektrikoa bizikletan

Oraingo honetan, Joxe Begiristain Aizpurua, 1.060 zenbakia duen bazkidea elkarrizketatu dugu. Joxe, Ataunen (Gipuzkoa) bizi da eta egunero Beasaina joaten da lanera, 13 km eginez joan-etorrian. Bere bizitzako bi «aldaketa» kontatuko dizkigu hemen: GoiEnerrekoa eta bere garraio lagun berriarena.

– Kaixo Joxe. Dakidala, lehen lanera kotxez edo motorrez joaten zinen. Zerk bultzatu zaitu 55 urterekin bizikletaz joatera?

– Erronka hori jarria nion neure buruari: noizbait hasi beharko nuela Ataundik Beasaingo lantegirako bidea bizikletaz egiten. 35 urte daramatzat CAFen lanean eta aurrez inoiz joan gabea nintzen bizikletaz lanera. Erretiroa hartu bitartean bizikletaz joanez eutsi nahi nioke!

– Nola egiten zaizu lantokirainoko ibilbidea, errespetatuta sentitzen zara errepidean?

– Ataundik Lazkao herri barrura bitartekoa nahitaez errepidez egin beharra dugu. Eta horrek berez duen arriskuaz gain, badira hainbat gune beldurgarri, atzetik datozen autoek errespetatuko zaituen kezkaz egiten ditudanak. Gainontzean, arazorik ez, bidea laua da eta.

– Orduan, erosoa da bidaia bizikleta elektrikoan?

– Oso erosoa. Pentsa, bestelako bizikletan ibiltzeko ere ez dago arazorik ibilbide laua eta motza delako, baina ondo etortzen da Senpere auzoko biribilgune azpiko bide gorrian gora eta beherako bidean eta, baina batez ere, etxera bidean, hego haizea dabilenean!

– Konta iezazkiguzu zure bizikleta elektrikoaren ezaugarriak…

– Beno, nirea paseoko bizikleta da, alegia, lohi-babesak eta argiak ditu, adibidez, euritan edo ilunpean ibiltzeko moduan. Bestelakoan, elektrikoa izatearen ezaugarriak: pedalen artean du motorra eta hortik koadroaren gaineko tutura bidean bateria. 25 km/h-ko abiada artean laguntzen du zuk pedalei eragiten diezun heinean, eta behin abiadura hori gainditu ondoren, automatikoki motorrak laguntzeari uzten dio, hala behar du legez eta.

– Gainera, Mallabian muntatutako labela duen produktua, hori bai ekonomia zirkularra!

– Beno, kanpoan egindako merkeagorik aurkituko nuke aukeran, baina kontraesana litzateke, ez da? Bertakook bertako produktuak, edozein alorretan…

– Bateria etxean kargatzen duzu, gainera GoiEnerreko fakturapean, zenbatean behin? Zenbat km irauten dizu? Zenbat denbora behar duzu bateria kargatzeko?

– GoiEnerren fakturaz noski! Hor ere zalantzarik ez… Bateria zenbatean behin kargatu, bizikletaren erabileraren baitan dago, hobeto esanda, motor elektrikoa zenbat erabiltzen duzun. Bizikleta lanera bidean bakarrik badarabilt, bi aste edo, ondo irauten dit. Motorra martxan, gainera, 4 mailatan erabil daiteke, gehiago edo gutxiago laguntzen, beraz, aldagarri asko daude bateriak zenbat iraun dezakeen zehazteko: 100 km bezala izan daitezke 50 km… Bateria kargatzen, berriz, 3 ordu inguru.

– Pozik zaude orduan, gomendagarria ikusten duzu ibilgailu mota hau?

– Bai, bai! Inbertsio ederra da! Gainera, autoa ez erabiltzeaz gain, ariketa fisikoa egiten duzu, txori kantuak entzun, haizea hartu…

– Diru-laguntza ere jaso duzu…

– Hala tokatu delako: apirilean erosi nuen bizikleta eta maiatzean EVE diru-laguntzak jarri zituzten. Paperak egin eta 300 € jaso nituen, bai.

– Bestaldetik, esan iezaguzu zergatik egin zinen GoiEnerreko bazkide.

– Hasiera-hasieratik hor zabiltzaten lagunak zintuztedan inguruan, beraz, nahi adina informazio eta laguntza izan nuen aldaketa egiteko. Gainera, edozeinek esaten dizue zuei ezetz! Zorionak (eta eskerrik asko) bene-benetan: zuetako bakoitzak bere lana izateaz gain, musu-truk GoiEner bezalako enpresa bat sustatu eta mantentzen egiten duzuen ahaleginagatik.

– Zure ikuspegitik (kontsumitzaile xumea) nola ikusten duzu kooperatibaren ibilbidea?

– Niri iruditzen zait, berealdiko meritua duzuela proiektu hau herritar guztion esku jartzean. Eta nago, bazkide gehiago ez bagara, edo, bazkide kopurua handitzen geldi antzean badoa, arrazoia, jende guztiarengana GoiEnerren berri ez iristean dagoela. Jendea, GoiEner existitzen dela jabetzen doan heinean egingo da bazkide. Eta horretarako mugak, noski, publizitatea behar bezala egiteko baliabiderik ezean dago. Pentsa, GoiEnerri buruzko informazioa, Internetez egoteaz gain, etxe guztietako buzoietara iristeko gaitasunik balitz…

– Badakit euskaltzalea ere bazarela eta ziur asko faktura euskaraz jasoko duzu. Ulergarria egiten zaizu? Animatuko zenituzke euskaldun berriak euskaraz jasotzera?

– Nire iritzian, faktura eta gainontzeko informazio osoa, euskaraz eman behar zaie denei Euskal Herrian, eta beste hizkuntzaren batean nahi duenari, ele bietan, euskararekin batera. Bestela alferrik gabiltza. GoiEnerren filosofiarekin talka egingo luke zerbitzua euskaraz emango ez balu, jakina… Bertako produktuaz aritu gara lehen, energia garbiaz aritzen gara… Zer «ekologikoagorik» Euskal Herrian euskaraz aritzea baino? Eta horretan ere, bete-betean asmatu duzue…

– Esan iezaguzu nahi duzuna, bazkidearen txokotik izango balitz bezala…

Bazkidearen txokotik? Lotsaraziko nauzu: gure bazkidetza, kontsumitutakoa GoiEnerren bidez ordaintzera mugatzen baita. Atentzioa eman zidan, adibidez, Zeraingo azoka ekologikoan gazte bat GoiEnerren postuan aritzeak; hantxe, boluntario, bere denbora eta ahalegina dohainik eskaintzen, GoiEner ezagutarazteko. Zaila daukagu, bai, adibidez, egunero-eguneroko arrosarioa bihurtu zaigun kirol profesionalari buruzko informazioaren kantitate bera eskaintzea komunikabideek, GoiEner bezalako proiektuei. Ba hori, txindurri-lanean segitu beharko dugu, bakoitzak bere neurrian, ingurukoei gure hautua azaltzen: geure buruaren alde ez ezik, gainontzeko guztien alde ari garen ziurtasun osoz. Bizitzaren arlo guztietan kontsumitzen dugunak, jatorri naturala edo berriztagarria izan dezan helburuaz. Kasu honetan, hemen eta orain, elektrizitatea era horretan, GoiEnerrek bakarrik eskaintzen du.

Mila esker Joxe, eta «kutsatu» zure eredua errepidean zehar!

Bazenekien Goiener mugimendu bolondresetik jaio zela 2012an? Gaur egun ere talde bolondresak bere ekarpena egiten du Goiener Taldean, oinarrizko lanetatik hasita zuzendaritza taldeko ardurak hartzeraino. Zuk ere lagundu nahi duzu? eman izena boluntario izateko. Horretaz gainera euren lana babestu dezakezu Goiener Elkartera bazkidetu eta urteko 12 euroko dohaintza bat eginda.

Azken albisteak

Nola erraztu gure bazkideen parte-hartzea?

Iragan larunbatean, irailak 23, Goiener Elkarteko boluntarioen lantalde topaketa egin genuen Zornotz…

Udanbizi 2023 txirrindulari biraren arrastoa

Jarraian Goienerreko mastodon kontura bidalitako toot haria argitaratzen dugu «Udanbizi 2023» txirri…

Zer energia nahi dugu Goienerren?

Pasa den larunbatean, urtarrilak 28, Goiener Elkarteko boluntarioen lantalde topaketa egin genuen Ga…

Hurrengo ekitaldiak

  • apirilak 20Nafarkoop Batzar Orokorra 2024
    Kultur Etxea. Irurtzun. Informazio gehiago: Nafarkoopen webgunean. Nafarkoopeko bazkideentzako soilik.
  • apirilak 24Hitzaldia. Mendigorria
    Energia berriztagarrien komunitateen inguruko tailerra. Mendigorrian energia komunitate bat sortzeko prozesuaren barruan. Lekua: Eskola zaharrak.
  • ekainak 08Goiener Batzar Orokorra 2024
    Goiener S.Coop. Batzar Orokorra. Gorde eguna. Deialdi ofiziala egin gabe dago. Ekitaldiaren xehetasunak orri honetan eguneratuko ditugu.