Azaro betea dugu ekonomia sozial eta eraldatzaileari dagokiolarik.

Euskal Herriko Laborantza ganbarak antolatutako Lurrama merkatu eta erakusketa izan zen lehenengo kate-begia. Laborantza herrikoia eta iraunkorraren jai handia azaroaren 4, 5 eta 6an burutu zen Miarritzen. Mintzaldi interesgarriak eskaini ziren. Horietako batean Perico Legassek, ohi bezala, herritarron boterea kontsumo ereduan dagoela defendatu zuen, tokiko ekoizpena eta jatea ekintza politikoa dela nabarmenduz.

Olatukoopen Saretze egunak eman zion segida. Santutxuko KRML ikastola zaharberrituan hainbat enpresa, elkarte, erakunde eta kooperatiba elkartu ziren jendartearen ongizatea eta elkartasuna bultzatzeko eta euren jarduera ekonomikoaren bidez ondare komunari ekarpena egiteko helburuarekin. Olatukoopeko kideez gain beste hainbat elkarte eta kooperatiba bertaratu ziren zertan dabiltzan elkarri azaltzeko. Reaseko presidente Marian Diez han izan zen bi erakundeen arteko komunikazioa eta elkarlana bideratzeko.

Egun berean, azaroaren 5ean, alegia, hego Euskal Herriko 4 hiriburuetan TTIP eta CETAren aurkako mobilizazio jendetsuak izan ziren. Ekonomiaren globalizazioaren mesedetan Europa soziala, ongizatea, aniztasun kulturala eta biodibertsitatea kaltetu nahi dute.

Bilbok jarraitu zion ekonomia sozialaren bideari. XIV Bidezko Merkataritza Astea egin zen Areatzako kaian. Alondegian, gainera, bidezko merkataritzari buruzko erakusketa paratu zen.

Azaroaren 10, 11 eta 12an burutu zen Bilbon Ekonomia Sozial eta Solidarioaren II Kongresua, kitzikagarri eta iradokitzaile den «HEDATZEA, ekonomia eraldatzeko garaia da!» izenpean. 6 ardatzen inguruan (Ekonomia inklusiboa eta demokratikoa, ekonomia feminista, potentzia eta mugak gaindituz, ondasun komunak, herritarren bat-egitea eta trantsizioak) ehunka pertsona bildu ziren solastatzeko, ideiak eta proiektuak komunean jartzeko, entzuteko eta hedatzeko.

REAS Euskadi sareak antolatutako biltzarra arrakasta handiz itxi zuen Carlos Askunze Reaseko koordinatzaileak.

Eta atsedenik hartu gabe ekin zion Reas Euskadik Ekonomia Solidarioaren IV. Azokari. Larunbatean ireki zituen ateak azoka solidarioak Bilboko Yimby aretoan. Goizeko 11:30ean hasera ofiziala eman zitzaion, bertan Aldundiko eta Udaleko ordezkariak zeudela. Ezustekoa eman zuten Tosuko lur okupatuetako nekazari gazteek; Aldundiko ordezkariari lur poltsa eskaini zioten espekulazioaren aurka.

Egitarau betea izan zuten bertaratu zirenek; umeentzat jolasak eta sukaldaritza tailerrak; hitzaldiak, tailerrak, solasaldiak eta giro ederra beste guztiontzat. Larunbat goizeko lehenengo 2 orduetan 700 pertsona inguru hurbildu ziren. Bazkaltzeko etena aprobetxatu zen parte hartzen zuten eragileen arteko harremanak sakontzeko. Arratsaldean ere bete zen aretoa. Eguna bukatzeko musikak alaitu zituen bazterrak.

Igandean ere lehengo lepotik burua; jende asko eta solasaldi gehiago, alde batetik, eta hitzaldi onak eta giro hobea, bestetik.

Berrogeitik gora standetan hainbat ekimenen gaineko informazioa jaso ahal izan zen, produktuak erosi eta zerbitzuak kontratatu. Zerbitzu horietako bat GoiEnerrek eskaini zuen: elektrizitate berriztagarria kontratatu ahal izan zen, eta irabazi asmorik gabeko gure kooperatibaren bidez ekonomia soziala, eraldatzailea eta zentzuzko kontsumo kritikoa bultzatu.

Bukatzeko, hilaren amaieran dauzkagun bi deialdi ezin utziko dugu aipatu gabe; alde batetik Basaurin Sagarrak eta Ekologistak Martxanek antolatutako VII. Truke Azoka azaroaren 26an eta Ekoazoka 27an kontsumo arduratsu eta eraldatzailearen kanpainaren barruan. Biak Solobarria plazan izango dira. Beste aldetik, 26an Hernanin Alternaktiba azoka izango dugu Plaza Berrian goizeko 11:00etatik 14:00etara. Ekonomia sozial eta eraldatzailearen topagune izango den azoka honetan ekintzailetza programaren informazioa eskuragarri izango duzue.

Azoketan elkar ikusiko dugulakoan izan ondo.