Alex López, gure kideak, Klenergyko taldekideekin (Pylon proiektua) Kaliforniara egindako bidaiaren laburpena:
Oso interesgarriak izan dira Kalifornian egin dugun bi asteko egonaldia, estatu horretako merkatu elektrikoaren nondik norakoak ezagutzeko.
Hara lehen ezustekoa: ez dago merkaturatzailerik (zentzu hertsian ulertuta).
Kalifornian merkatua arautzen duen erakundeak (CPUC, Kaliforniako Zerbitzu Publikoen Batzordea) urte hasieran aditzera eman du iritsia dela, agian, merkaturatzaileen merkatua liberalizatzeko unea; kontuan hartzen du horretarako 2000 urtearen hasieran Kalifornian bizi izan zuten garai latza (krisialdi energetikoa), ENRONek merkatua manipulatzearen ondorioz.
Merkatu horretan zenbait eragile desberdin aurkitu dugu, eta horien artean azpimarratzekoak dira, berritasunagatik, CCA direlakoak (Community Choice Aggregation, euskaraz Komunitate-Hautuaren Batura).
2002an onetsi zen lege batek (A.B. 117, the law allowing CCAs) ahalbidetu zuen CCA direlakoen jaiotza. Lege horrek aukera ematen die tokiko gobernuei beren aginte-barrutiko elektrizitate-eskaria batzeko, gerora energia berriztagarria erosi eta saltzeko, halako moldean non elektrizitate-hornitzailea mantentzen den transmisio eta banaketa-zerbitzuetarako.
Kalifornian sortu zen lehena eta bigarrena ezagutu genituen: lehena, Marin Clean Energy izenekoa 2008an sortu zen, eta 2010ean hasi lanean; bigarrena Sonoma Clean Power da.
Hiru tarifa eskaintzen ohi dituzte: energia arrunta, energia % 50 berriztagarria eta energia % 100 berriztagarria.
Banatzaileen bitartez fakturatzen dute, horiek fakturatzen baitiete zuzenean sarera konektatutako erabiltzaileei. Kalifornian, banatzaileek betetzen dute merkaturatzaileen zeregina.
Beren gobernantza-ereduaren arabera, CCAn bildutako komunitate guztiek ordezkaritza dute administrazio-batzar batean.
Irabaziak komunitatera itzutzen dira, irabazi asmorik gabeko erakundeak baitira, tokiko ekonomia eta inguru hurbilean enplegu-sorrera sustatu nahi dutenak. Alde horrettaik, antza handia dute tokiko kooperatibekin.
Espainiako merkatuan ez da antzeko figurarik. Zer izango litzateke gurean horren pareko?; bada, merkaturatzaile publikoa, energia erosi bai –erosi soilik–, baina fakturatzen ez lukeena.
Ezagutu izan dugu beste eragile-mota interesgarri bat, POU deiturikoak (Publicly Owned Utilities, euskaraz Jabego Publikoko Zerbitzu Publikoak). Espainian horien pareko lirateke merkaturatzaileak dituzten udal-banatzaile txikiak. Erakunde publikoak dira, aspaldi samarretik energiaren sorrera eta banaketa propioen jabe direnak eta horiek kudeatzen dituztenak.
POU horiek zuzenean egin diezaiekete faktura erabiltzaileei, eta publikoak direnez gero, irabaziak komunitatera berera itzuliko dira. Esan genezake, baita, tokiko kooperatiben baloreak partekatzen dituztela. Espainian badira kooperatiba historikoak, horien pareko liratekeenak.
San Francisco inguruko zenbait POU bisitatu genituen, eta horien artean hiru azpimarratuko genituzke: Alamedakoa, Palo Altokoa eta Santa Clarakoa.
Kaliforniako lehenetako energia-kooperatiba batekin bildu ginen, zeina Planta fotovoltaikoak komunitate gisa finantzatzeko sortu zen: Cooperative Community Energy. Elkarrizketa atsegina izan genuen kide sortzaileetako batekin, eta harritu egin gintuen ikusteak Kalifornian ere badirela Espainian oligopolioarekin dauden arazoak. Izan ere, kooperatiba kaliforniar hori –beste erakunde batzuekin batera– izan zen herritarrei hein batean kontrola berreskuratzeko aukera eman dien CCAen legea sustatzaile nagusienetako bat. CCA berriak sortzen ari dira, eta espero dute 2020rako CCAren bateko kide izango dela Kaliforniako biztanleen % 85.
Eta, azkenik, film guztietan bezala, iritsia da gaiztoaz hitz egiteko tenorea; kasu honetan gaiztoez, hiru baitira (Pacific Gas & Electricity, Southern California Edison eta San Diego Gas & Electric), hiruen artean Kaliforniako oligopolioa osatzen dutelarik.
Konpainia pribatu handiak dira hiruak, eta ia-ia zirrikiturik utzi gabe kontrolatu dute Kaliforniako energiaren merkatua.
Benetan garrantzitsua da PG&E konpainia. Ez badakizue nortzuk diren, Julia Roberts protagonista izan zuen Erin Brockovich filma, benetako gertakarietan oinarritua.
Kooperatibarekin eta CCA eta POUekin izan ditugun bileretan, beti atera da hizpidera PG&E konpainia, eta beti Espainian oligopolioaren figurak duen rol berean. CCAek jaio direnetik presio handia egin du gobernuaren aurrean, eta bereziki CPUCen aurrean, aurrera egiterik izan ez zezaten, eta eskura izan dituzten lege- eta komunikazio-baliabide guztiak erabili dituzte asmo horretan.
Zorionez, CCAek lortu dute lehen oztopoak gainditzea, eta nabarmentzen ari dira hain oinarrizkoa den ondasun horren –energiaren– kontrola herritarrengana itzularazteko bidean.
Bisitatu ditugun erakunde guztiek erakutsi dute Pylon Network proiektuarekiko interesa, batez ere merkatu-gardentasunari egiten dion ekarpenagatik (izan ere, transakzio guztiak erregistratzen dira eta publikoak dira) eta hirugarren erakundeen aurrean duen independentziagatik; izan ere, blockchainek –bloke-kateak– berak bermatzen du erregistroak egiazkoak direla eta ezin direla urratu.