Sorting by

×

Goiener proiektua Madagaskarren aurkeztu da

Joan den ekainean UPV/EHUko irakasle eta GOIENEReko bazkide fundatzaileetako bat den Olatz Azurzari Goiener proiektua Madagaskarren aurkezteko gonbitea luzatu zioten. Hori dela eta, irailaren 5ean Goiener Antananarivoko Unibertsitatean aurkeztu zen. Zer egiten dugun eta nola eta zergatik sortu ginen izan ziren bertaratuek bereziki jakin nahi izan zituztenak.

Nolatan amaitu du Goienerren proiektua Madagaskarren?

UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako irakasle talde batek 3 urteko iraupena izan duen MADEEHI proiektuan parte hartu du, energiaren alorrean hain zuzen. Eta proiektuaren amaieran, etorkizunerako ortzi-muga adierazteko helburuarekin energia berriztagarrien hiritar kooperatiben berri eman nahi zuen irakasle taldeak.

Baina zer da MADEEHI?

Madagaskarreko Unibertsitateen eta Europako Unibertsitateen arteko proiektua da, unibertsitateen arteko elkar-truke proiektua hain zuzen ere eta Europar Batasunak babestu eta finantziatzen duena. Proiektuak energia, ura, informatika, habitat eta antropologia arloak landu ditu 2016tik 2019ra, irakasleen gaitasunak eta laborategietako ekipamendua sendotzea helburu izan duelarik. Toulouse, Lieja eta Euskal Herriko Unibertsitateak aritu dira buru-belarri, Antananarivo, Toamasina eta IST-Tanako irakasleekin elkarlanean.

Eta zergatik Goiener?

Goiener proiektuak arlo teknikoan ezagutzak izateak eta hiritar batzuen konpromisoak gizartean eraldaketak nola eragin ditzaken erakusten duenez, adibide positiboa da Afrikako uharte handienean. Madagaskarren elektrifikazio unibertsala lortzeko dagoen helburua da oraindik (biztanleriaren %70ak ez du argindarrik, nekazal-guneetan portzentajeak are eta handiagoak izanik). Eta elektrizitatearen %75 petroliotik dator zuzenean, gainerakoa zentral hidroelektrikoetatik etortzen den bitartean. Elektrifikazio hau egiteko, korrupzio eta bestelako gabezia handiak dituen gobernuaren zain egon ordez, bertako hiritarrak martxan jarri dira. Adibidez, bertan dira dagoeneko Electriciens Sans Frontieres-ek martxan jarritako “Café lumière” iniziatibak.

Nola antolatu zen bidaia? Nortzuk joan ziren?

Zorionez, MADEEHI proiektuko parte-hartzaile batek Olatzi eman zion Goienerreko bazkide Ines Castiellaren izena, zeina interesatuta zegoen proiektuan familia kontuak zirela eta, baita bertara joateko prest ere. Hala, Ines eta Olatzek udara bidaia prestatzen eman zuten: herrialdeko ezaugarriak, bertan bidaiatzeko jakin beharrekoak etab. Beste prestaketen artean, bidaiaren eta aurkezpenaren berri eman zen Goienerreko pilotajean. Gaiak berebiziko interesa piztu zuen eta beste 3 pertsonek parte hartzeko irrika adierazi zuten. Gasteizko bulegoan lanean ari den Susana Cantero izan zen taldea osatzen azkena. Aupa neskok!

Zer egin genuen Madagaskarren?

Unibertsitateko proiektuan gure kooperatibaren berri emateaz gain, eta bidaiaren prestaketan ikusitako herrialdearen txirotasun mailak hunkituta (biztanleriaren batezbesteko adina 20 urtekoa da, biztanleriaren erdiak ez du ur edangarririk eskura, komunik gabe bizi dira 10etik 9, gaixotasun asko erraz zabaltzen dira, malnutrizioa, etab.), bertako biztanleen egoera hobetzen ari diren hainbat GKErekin harremanetan jarri ginen, etorkizunean kooperazio proiektuak egiteko aukerak neurtzearren. Azkenik, horietako bi bisitatzeko aukera izan genuen: Fianarantsoa hiriko Agua de Coco erakundeak kudeatutako nekazal-eskola eta Vontovorona herrixkako Yamunako Rubenek erakutsitako 3 bat proiektu. Benetan eredugarria izan zen bertan lanean ari direnek emandako irakaspena, baita egindako eskaera zehatzen zerrenda ere.

Zer dakarzue handik bihotzean?

Ezinbestean bertan ezagutu genituen pertsonen jatortasun eta umiltasuna, kemena eta irribarre etengabea. Lanerako, sukaldaritzarako eta lasaitasunerako zaletasuna. Inguruan babestuta dituzten oihanen, abereen eta mendien edertasun eta originaltasuna. Musikagintzarako irrika, artisautzarako prestutasuna. Baina batez ere, etorkizun hobeago bat denon artean eraikitzeko ametsa eta erabakia.

Bazenekien Goiener mugimendu bolondresetik jaio zela 2012an? Gaur egun ere talde bolondresak bere ekarpena egiten du Goiener Taldean, oinarrizko lanetatik hasita zuzendaritza taldeko ardurak hartzeraino. Zuk ere lagundu nahi duzu? eman izena boluntario izateko. Horretaz gainera euren lana babestu dezakezu Goiener Elkartera bazkidetu eta urteko 12 euroko dohaintza bat eginda.

Azken albisteak

Udanbizi 2024, bigarren pedalkada

Udanbizi 2024, bigarren pedalkada

Aurreko edizio arrakastatsuaren ondoren, 2024ko birari ekin genion uztailaren 14ean Bilbotik abiatut…

Boluntario topaketa Fagollagan

Boluntario topaketa Fagollagan

Pasa den larunbatean, hilak 25, boluntarioen topaketa berri bat antolatu genuen, oraingoan Fagollaga…

Nola erraztu gure bazkideen parte-hartzea?

Nola erraztu gure bazkideen parte-hartzea?

Iragan larunbatean, irailak 23, Goiener Elkarteko boluntarioen lantalde topaketa egin genuen Zornotz…

Hurrengo ekitaldiak

  • abenduak 04Hitzaldia. Arrasate
    Argindar faktura eta efizientzia tailerra. Lekua: Emakumeen txokoa. Oharra: Emakumeentzako da.
  • abenduak 10Hitzaldia. Usurbil
    Pobrezia energetikoa. Zer da eta nola egin diezaiokegu aurre? Hizlaria: Aitor Ossa Rissanen. Lekua: Potxoenea. Antolatzailea: Sortalde, Usurbilgo energia komunitatea.
  • abenduak 17Hitzaldia. Usurbil
    Energiaren erabilera eta kontsumo jasangarria. Ze efizientzia neurri hartu ditzakegu gure etxe, negozio eta abarretan? Hizlaria: Aitor Ossa Rissanen. Lekua: Potxoenea. Antolatzailea: Sortalde, Usurbilgo energia komunitatea.