Pasa den larunbatean, azaroak 13, denbora luzez zain egon ondoren Goiener Elkarteko lantalde topaketa presentzial batean elkarrekin egoteko aukera izan genuen. Bertaratuen artean nabarmena zen pantailak alde batera utzi eta elkarrekin egoteko eta elkar “sentitzeko” beharra genuela.
Topaketaren lehen atalean Goienerrek parte hartzen duen proiektu europarren aurkezpenak ikusteko aukera izan genuen:
- Chris Merveillek bioenergia komunitarioaren erabilera hedatzeko asmoa duen BECoop proiektua aurkeztu zigun,
- Leire Astigarraga Urzelaik eredu matematikoak erabiliz, etxeko energia-eskaria hobeki ulertzeko eta aurreikusteko asmoa duen WHY,
- Maite Alonso Altonagak Goiener, Nafarkoop eta I-ener aurrera ateratzen ari diren mugaz gaindiko Hidro-Ttipi eta errota zaharren ondarea berreskuratzea,
- … eta azkenik, Aitor Ossa Rissanenek pobrezia energetikoari aurre egiteko Powerpoor ekimena.
Aipatutako proiektu guzti hauek badute beste zerbait amankomunean, guztietan ikasi eta landutakoak era batera edo bestera energia komunitateetan txertatu baitaitezke. Komunitate hauen inguruko azalpenak eta Goiener barruan horretan ari den taldearen egoera zein asmoak Oier Etxeberria Gutierrezek azaldu zizkigun.
Topaketaren bigarren zatian Eider Murgoitio Bengoak eta Naroa Elortza Gorrotxategik, bideo batez lagunduta, Goienerren ikasturte honetan jorratuko dugun erakunde mailako hausnarketa prozesuaren aurkezpena egin zuten: EGAN, EGitura eta ANtolaketa alegia. Prozesu honetan, oro har, Goiener zer izan den, zer den, eta zer izan nahi duen landuko da modu kolektibo eta parte-hartzailean. Azken helburua izango da nolako Goiener nahi dugun adostea. Aurkezpenaren ondoren prozesu berri honen inguruan hausnartzeko aukera izan genuen eta bertatik bakoitzak jasotzea espero dugunaz ere aritu ginen.
Eta bestela izan ez zitekeenez, mahaiaren bueltan bazkari eder batekin eta lagunarte ederrean amaitu genuen. Hala ere, oraindik indarrak zituztenek, Arrikrutzeko kobak bisitatzeko parada izan zuten.
