Pasa den larunbatean, hilak 25, boluntarioen topaketa berri bat antolatu genuen, oraingoan Fagollagan izan zen. Fagollaga, Hernanitik gertu dagoen zentral hidrauliko txikia da, 2018az geroztik Goiener Taldearen jabetzakoa, bazkideek Nafarkoopi egindako ekarpenez ordaindua. Aldi honetan gainera, Lurgaiako lagunek lagundu gintuzten.
Jardunaldiari hasiera Santiago Ochoa de Eribek eta Alazne Arrutik eman zioten, zentralaren funtzionamenduari buruzko azalpenak eskainiz. Bertaratu ginenek gainera, tokiko historia ezagutzeko aukera ere izan genuen.
Badakigu Fagollaga ingurune pribilegiatu batean dagoela, eta gure erantzukizuna dela ingurune hori zaintzea eta gure jardueren eragina ahalik eta gehien murriztea. Horregatik, Lurgaiakoek zentralaren inguruko ekosistemen garrantzia azaldu ziguten, baita horiek dituzten mehatxuak ere (monolaborantzak, araudirik eza eta zentrala bera). Ekosistema babesteko ideiak eman zizkiguten. Egunean bertan, adibidez, plastikoak eta zikinkeria jaso genituen inguruan, eta txoriak eta saguzarrak babesteko kaxak jarri genituen. Energia hidroelektrikoaren ekoizpenari buruz eztabaidatzeko eta hausnartzeko denbora ere izan genuen.
Goizeko lana amaitu ondoren, eguna bazkari eder batekin amaitu genuen; ezin zuen bestela izan.