Sorting by

×

Goiener Elkartea zer den

Goiener Elkartea gaur egungo eredu energetikoa aldatzea helburu duen elkarte bat da. Sentsibilizazio- eta trebakuntza-lanak egiten ditu aurrezpen eta eraginkortasun energetikoaren arloan. Gainera, lankidetzan jarduten du helburu berdinak dituzten beste elkarte batzuekin.

Zer den eredu energetikoa aldatzearen kontu hori

Energia, eta bereziki energia elektrikoa, gure gizartearen ondasun oinarrizkoenetakoa bihurtu zaigu, ia-ia ura eta janaria bezain oinarrizko. Herritarrek funtsezko ondasun horren kontrola berreskuratu dezatela eta daukan garrantziaz ohartu daitezela nahi du Goiener Elkarteak, horretarako, energiaren kontsumo arduratsua eta jasangarria bultzatuz, jatorri berriztagarriko energiaren eskaria sustatuz, eta eredu energetiko berri baten alde lan eginez.

Gaur egungo ereduaren arabera, energia instalazio gutxitan ekoizten da, eta instalazio horiek kontrolatzen dituzten enpresak ere gutxi dira, baina irabazteko asmo handia eta sendoa dute. Eredu horrek ondorio latzak ditu ingurumenean eta jendearen bizi-kalitatean, eta horrez gain, ez da batere justua eta zuzena, ez oinarrizko ondasunak denoi heldu dakizkigun, ez sortutako aberastasuna banatzerakoan. Goiener Elkarteak defenditzen duen ereduan, aldiz, energia berriztagarriko instalazioak bultzatzen dira, instalazio asko, txikiak, eta lurralde osoan sakabanatuak . Horrela, tokian tokiko ekoizpena erraztu nahi dugu eta oinarrizko ondasun honen gainean inork kontrolik ezartzea eragotzi. Gainera, garraioan gertatzen diren galerak murriztu egiten dira eta tokiko garapen ekonomikoa indartu.

Zer egiten dugun gaur egungo eredu energetikoa aldatzeko.

  1. Etengabe bultzatzen dugu energia berriztagarriaren kontsumo arduratsua (eraginkorra eta intentsitate txikiagokoa).
  2. Zintzo lan egiten dugu energiaren ekoizpena deszentralizatzearen alde, energia iturri berriztagarrietatik sortzeko tokian tokiko egitasmoak ezartzen lagunduz.
  3. Kontzientziazioa sustatzen dugu jasangarritasun energetikoari dagokionez, gizartearen prestakuntzaren eta informazioaren bitartez.
  4. Gizarteak eredu-aldaketan parte-hartzea bilatzen dugu.
  5. Ingurumen-, gizarte-, eta ekonomia-jasangarritasuna bultzatzen dugu.

Horretarako, batez ere sentsibilizazio- eta prestakuntza-jarduerak antolatuko dira herritarrentzat, heziketa-, gizarte- eta ekonomia- eragileentzat, herri administrazioentzat, eta abarrentzat. Aldi berean, helburuak lortzeko lagungarri izan daitezkeen ikasketak eta ikerketak bultzatuko dira, eta baita hitzarmenak eta sarean lan egitea ere beste entitate batzuekin.

Interes berezia izango dute Elkarte honen filosofia bera duten eta eredu energetiko baten alde lan egitearren arlo elektrikoaren gaur egungo alderdi liberalizatuetan (komertzializazioan eta sorkuntzan) sartzen ari diren entitateei laguntzeko jarduerek.

Zehatz esanda, Goiener Elkarteak Goienerri, energia berriztagarriaren kontsumo-kooperatibari, eman nahi dio laguntza bereziki. Kooperatiba horrek ez du irabazi-asmorik eta bere zeregina eredu energetikoaren aldaketa bultzatzea da energia % 100 berriztagarriko elektrizitatearen eskaria handituz. Horretarako, energia % 100 berriztagarria merkaturatzen du bere bazkideentzat, eta gainera, instalazio berriak bultzatzen ditu energia iturri berriztagarrietatik eta tokian tokiko egitasmoak garatuz sortzeko.

Zergatik Goiener Elkartea

Elkartea sortzeko hazia Goiener Kooperatiba izan da. Kooperatiba sortzea funtsezko urratsa izan zen gure helburuak aurrera ateratzeko. Izan ere, herritarrei aukera parte-hartzailea, solidarioa, benetakoa eta eraginkorra eskaintzen die energia berriztagarrien alde lan egiteko. Hala ere, bere ibilbidean zehar argi geratu da espazio hori ez dela nahikoa helburu guztiak lortzeko.

Goiener S. Coop.ek, nahiz eta irabazi-asmorik gabekoa izan, dimentsio enpresarial garrantzitsua du, eta beharrezko du arreta jartzea, alde batetik, energia berriztagarria merkaturatzeko jarduera baliotsuan, eta, bestetik, bere bazkide eta kontsumitzaileengan. Hau da, bai bere forma juridikoak, bai bere jarduera espezializatuak dakarren lanaren bolumenak, zaildu egiten diote bere baitan hartzea Goiener filosofiarentzat desiragarriak eta beharrezkoak izan litezkeen beste jarduera batzuk. Goiener Elkartearen bitartez, aldiz, zubi bat osatu da kooperatibaren eta boluntarioen artean, elkarte batek askoz ere marko egokiagoa eskaintzen baitigu gure borondatezko lanarekin proiektuaren beste alderdi filosofikoak garatu nahi ditugun lagunoi.

Horrela, ba, proiektu-multzo bat daukan talde bat bezala hasi ginen ikusten Goiener. Proiektu-multzo horretan funtzioak banandu egin behar ziren eta, urrats natural eta beharrezko bat emanda, Goiener Elkartea sortu da, proiektuaren dimentsio soziala dinamizatuz.