Sorting by

×

Smart Living EPC

Linkedin: smartlivingepc
Twitter: @SmartLivingEPC
Yotube.

Iraupena: 2022/70/01 – 2025/06/30
Dirulaguntza-hitzarmenaren zenbaki identifikatzailea: 101069639
Proiektuaren arduraduna Goienerren: Eider Iribar Solaberrieta

Deskribapenak eta helburuak

Energia Eraginkortasunaren Ziurtagiriak kalkulatzeko metodologia berriak (EPC)

Eraikuntza-parkearen energia kontsumoari buruzko informazio-iturri garrantzitsu bihurtu dira Energia Eraginkortasunaren Ziurtagiriak (EPC, ingelesez). Hala ere, badira zenbait kezka horien eraginkortasunari dagokionean. Helburu berriak bete behar ditu datorren EPC belaunaldiak, eraikinak prest egon daitezen energia-trantsiziorako.

Gaur egungo metodologiak hobetzea proposatzen du SmartLivingEPCek. Ziurtagiri berri bat sortzea du helburu, tresna digitalizatuak erabiliz eta BIM ereduetatik kalkuluak egiteko beharrezko informazioa bilduz. EPC berriak kalifikazio-eskala berria ekarriko du, eraikinaren operazio-baldintza errealetan oinarrituta: bizi-zikloaren emaitzekin lotutakoak, eraikinen adimenaren ebaluazioa eta eraikinen sistema teknikoen errendimenduari buruzko informazioa, ikuskaritza teknikoen bitartez jasotako datua. Europako arauetan oinarrituko dira garatuko diren metodologia berriak, eta aldi berean, EPC adimendunentzako arau tekniko berriak bideratuko dituzte. Eraikinari buruzko informazio holistikoagoa ere jasoko du EPCen datorren belaunaldiak, uraren kontsumoa, kutsadura akustikoa eta airearen kalitatea esaterako kontuan hartuta. Guztiz bateragarria izango da SmartLivingEPC ziurtagiria Eraikuntza Digitaleko Kuadernoarekin (Digital Building Logbook) eta eraikinak berritzeko pasaporteekin. 

Eta, azkenik, eraikin-multzoetan izango duen aplikazioa da SmartLivingEPCren aspektu garrantzitsuenetako bat, horrela, auzo mailako energia-ziurtagiria lortzea du helburu. Beste zenbait gehigarri izango ditu auzo-mailako EPC horrek; bizilagunen parte-hartzearen ikuspegi integratuari jarraiki, adibidez, Energia Berriztagarrien Komunitateak (EBK).

Nafarroako Leitza herriak, SmartLivingEPC proiektuan parte hartzen du komunitate pilotu gisa, hainbat erabileratako lagin-eraikinekin: etxebizitza pribatuak, denda txikiak eta eraikin publikoak, hala nola eskola bat, kirol-zentro bat eta udala.

Goienerren rola

Goienerren oinarrizko printzipioa da herritarrek energia-kontsumoaren eta sorkuntzaren gaineko kontrola berreskuratzea eta oinarrizko ondasun horren garrantziaz jabetzea. Helburu hori lortzeko, funtsezkoa da eraikinetako erabiltzaileek jasotzen duten informazioa. Eta EPCa da, gaur egun, EBko eraikinetako energiari buruzko informazio-iturri nagusia. Hala ere, ikerketen arabera, herritarren artean mesfidantza nabarmena dago tresna horren erabilgarritasunari dagokionez. Ildo horretatik, EPCak hobetzeko ekarpena egin nahi du Goienerrek proiektu honetan, eraikinen benetako portaerara gehiago lerrokatuz eta ulergarriago bihurtuz. Horrela, eraikinetako energiari buruzko ezagutza gehiago zabaltzea eta herritarrak ahalduntzea lortuko dugu, denon artean erabakiak hartu ahal izateko eta eraikinak deskarbonizatzeko bidean azaltzen zaizkigun erronkei aurre egiteko gai izan gaitezen.

Une honetan, EBK-k sustatzea da Goienerren ildo estrategikoetako bat. Kooperatibak sortzen eta energia-komunitateen lehen proiektuak martxan jartzen laguntzen ari gara. Tresnak, aholkularitza eta baliabideak eskaintzen ditugu, kooperatibako kide bakoitza bere ingurunea eta bizitza hobetzeko protagonista aktiboa izan dadin prozesu osoan zehar. Ildo horretatik, SmartLivingEPC proiektuarekin lotura estrategiko argia dago; izan ere, proiektuaren helburuetako bat da auzo mailako EPC eredu bat sortzea, energia-komunitate baten prestazioak jasoko dituena. Beraz, proiektu honen bidez, energia-komunitateek eskaintzen dituzten abantailak eta laguntza azpimarratu eta ikusi nahi ditugu, kontsumoari, iraunkortasunari eta bizi-kalitateari dagokienez.

Aurreko atalean azaldu den bezala, Proiektu honetan, Leitzako Udalaren laguntzarekin parte hartzen du Goienerrek; azterketara ekarpena egingo du hainbat erabileratako eraikin multzo bat duen energia-komunitate baten datu esperimentalekin. Leitzan izandako esperientzia elkarbanatuko dugu beste bazkideekin eta beste kasu pilotoetatik ikasiko dugu, gaiaren inguruan dugun ezagutza zabalduz. Gainera, proiektuan parte hartzearen ondorioz, espero da Leitzan komunitateak zuzendutako beste birgaitze jarduera batzuk abian jartzea.

SmartLivingEPC proiektuan parte hartzeak zerbitzu-lerro berri baten oinarriak ezar ditzake, gai estrategikoekin, hala nola energia-eraginkortasunarekin eta birgaitzearekin, lerrokatuta egon daitezkeenak. Funtsezkoa izan daiteke eraikinen birgaitze-prozesuarekin eta energia-laguntzarekin lotutako zerbitzuak garatzeko SmartLivingEPC proiektuaren testuinguruan lortutako ezagutza, eraikinen/auzoaren/komunitatearen energia- ebaluazioari eta birgaitze -jarduerak bultzatzeko eraginkortasunari buruzkoa, REScoop.eu-rekin lankidetzan eraikinak berritzeko zerbitzuei buruz egiten ari garen ikerketatik (Citizen-Led Renovation) eskura genezakeen ezagutza bezala.

Proiektu honi buruz gehiago jakin edo informazioa jaso nahi baduzu, bisita ezazu proiektuaren web-orria, jarraitu Twitter, Facebook edo LinkedInen, edo eman zure izena proiektuaren hiruhileko buletinean. Horrela, proiektu honi buruzko informazio interesgarri gehiago iritsiko zaizu (ingelesez). Edonola ere, gure ohiko buletinean proiektuaren aurrerapenei eta emaitzei buruzko informazioa ematen jarraituko dugu.

Proiektu honek Europar Batasunaren Horizonte 2020 ikerketa eta berrikuntzako programaren finantzaketa jaso du, 891943 zk.ko finantzaketa-akordioaren pean.

csm_EU_flag_80
H2020-logo