Sorting by

×

TXISPAZ KONTSUMITU ikastetxeei mezua

TXISPAZ KONTSUMITU bideo lehiaketa eta topaketak. Atzeratua.

Jaun/andre agurgarria,

GoiEner Elkartea gaur egungo eredu energetikoa aldatzea helburu duen elkarte bat da. Sentsibilizazio- eta trebakuntza-lanak egiten ditu aurrezpen eta eraginkortasun energetikoaren arloan.

Irailean bidalitako mezuan jakinarazi genizuen antolatzen ari garela «TXISPAZ KONTSUMITU» lehiaketa, gizartean energia kontsumoaren aurrezpena sustatzeko helburuaz.

Ekimen honek bi atal ditu: bata bideo lehiaketa bera eta bigarrena jardunaldi bat, non bideo lehiaketaren sariak emateaz gain, energia kontsumoa aurreztearen inguruan ere arituko garen.

Kontua da zenbait irakaslek helarazi digutela parte hartzeko nahia, baina baita denbora falta eskola esparruak orain bizi duen tenorean; ikasturtearen hasiera, proiektuak abiatu behar, antolaketa eta abar.

Hori dela eta gauzak patxadaz eta eskola komunitatea ez zamatzearren, nahiko lana duzue eta, lanak aurkezteko epea ATZERATZEA erabaki dugu.

Ikasleen ekarpenak aurkezteko epe muga OTSAILAREN 28a izango da orain.

Eta, ondorioz, jardunaldia ere atzeratu dugu, MARTXOAREN 10era.

Lehiaketa eta jardunaldiaren informazio zehatzagoa gure webguneko ondorengo orrian aurki dezakezue.

Asko eskertuko genizuke informazio honi ahalik eta zabalpen handiena ematea zure ikastetxean, batik bat Agenda 21 eta gai honekin erlazioa duten mintegi, departamentu, tutore, guraso edo edozein beste pertsonarekin.

Gurekin kontaktuan jartzeko: GoiEner Hezkuntza Taldea. Itxaropena kalea (12 zbk-aren aurrean). Bilbao. Tfn. 946277701.

Jaso agur bat.

Goiener Elkarteko Hezkuntza Taldea.