
2023ko, 2024eko eta 2025eko Udanbizi arrakastatsuen ondoren eta aurrekoetan izan genuen helburu berarekin –taldean elkartu eta ezagutzak partekatzeko helburuarekin alegia– aurten ere martxan jartzera goaz Udanbizi 2026.
Parte hartzea bultzatzeko asmoarekin, irabazi asmorik gabeko Goiener Elkarteak, 2026ko uztail honetarako bost eguneko txirrindulari bira bat prestatu dugu Araban barrena, Dulantzin hasi eta Araba zeharkatu ondoren Agurainen amaituko dena.
Azken finean aurten ere gauza bera egitera goaz, pedalei eraginez ongi pasa nahi dugu, elkar ezagutu eta ekimen sozialeko proiektuak bisitatuko ditugu, gertutik eragiten diguten hainbat arazoren inguruan jardunez.
Energia arloarekin zerikusia duten gaiez gain, beste eremu batzuk lantzea ere aurreikusi dugu, aurreko edizioetan egin dugun legez… Helburu horrekin, solasaldi edo bisitak antolatu ditugu lotarako herrietan zein errepidean, hauek eztabaidarako gaia emango digute ibilbidean zehar.
Etapak:
— Uztailak 13, astelehena:
Dulantzi-Bernedo.
~56 km.
Bisita-hitzaldiak:
• Alaitzako elizako margoak.
• Sabandoko biomasa galdara komunitarioa.
— Uztailak 14, asteartea:
Bernedo-Bastida.
~62 km.
Bisita-hitzaldiak:
• Lantziegon olio errotara bisita.
• Eskuernagan upategira bisita.
— Uztailak 15, asteazkena:
Bastida-Uribarri Gaubea.
~46 km.
Bisita-hitzaldiak:
• «Tierra, Papel, Tijera» eraldaketarako nekazaritza.
• Solariaren makroproiektuak.
— Uztailak 16, osteguna:
Uribarri Gaubea-Uribarri Gaubea.
~80 km.
Bisita-hitzaldiak:
• Arabako gari espezie zaharrekin egindako ogiak.
• Garoñaren desmantelamendua.
— Uztailak 17, ostirala:
Uribarri Gaubea-Gasteiz.
~56 km.
Bisita-hitzaldiak:
• Añanako Gatz Harana.
• Azken afaria.
Eramateko materiala:
Lo zakua, estera eta aldatzeko arropa bizkar-zorro batean sartu behar dira (hori dena laguntza-ibilgailuan eraman eta etaparen bukaeran jasoko dituzue, saiatu oinarrizkoa baino ez eramaten). Bestalde, egunean zehar beharrezkoa duzuena soinean edo txirrinduan eraman behar duzue. Ordezko kamara bat, partxeak eta puzgailua eramatea ongi dago. Giltzarrapo bat erabilgarri izan daiteke. Kaskoa nahitaezkoa da.
- Aipatutako etapak egin ahal izateko gogoa eta baldintzetan dagoen txirrindua, errepidetik kanpo hartxintxar eta lurrezko pistetan ibiltzeko egokitua.
- Lotarako beharrezkoak: zakua, estera… (frontoi, ikastetxe, kiroldegietan lo egiteko).
- Bero egingo du, hidratazioa eta larruazala zaindu beharko ditugu. Eraman ur bidoiak eta eguzki-kremak. Putzuetan bainatuko gara, bainurako behar duzuna eraman, ibaian ibiltzeko oinetakoak erabilgarri izan daitezke.
Izena emateko beharrezkoa da:
- Goiener Elkarteko bazkide egitea (12 euro). Bazkide ez bazara bazkidetuko zaitugu guk Udanbizin beheko galdetegian izena eman ostean.
- Galdetegi hau betetzea. Ahalik eta azkarren baieztatuko dizugu onarpena.
Hizkuntza:
Udanbizin Euskarari eman nahi diogu garrantzia, horregatik ahal den neurrian hitzaldiak eta bisitak euskaraz izango dira.
Laguntza-ibilgailua:
Matxura kasuetarako edo beste edozein larrialdietarako, furgoneta baten laguntza izango da.
Beste zenbait ohar:
Udanbizin parte hartzeko kostua 110 eurokoa izango da. Honen barruan sartuko dira hamaiketako sendoa eta afariak, lo egiteko lekuak, solasaldiak, bisitak eta abar.
Lekuak agortu bitartean onartuko ditugu, gehienez 40 txirrindulari. Ondoren sartzen direnak itxaron zerrenda batean jarriko ditugu.
Zalantzak argitzeko aurrez irakurri FAQ, maiz egindako galderen orria eta erantzunik topatzen ez baduzu galdetu udanbizi@goienerelkartea.org helbidean.



Kolaboratzaileak:





