Pasa den larunbatean, urtarrilak 28, Goiener Elkarteko boluntarioen lantalde topaketa egin genuen Gasteizko BioAlai kontsumo ekologikorako elkartean. Zorionez, elurrak ez zigun eragotzi hausnarketa sakona egitea kooperatibak etorkizunean egin beharreko bide eta sorkuntza proiektuen inguruan.
Sortu zuen ikusminaren erakusgarri da Gasteizen elkartu ginen langile eta boluntarioen kopurua; eta azpimarratzekoa da, halaber, topaketaren maila ere, bertartu zirenek modu aktiboan parte hartu baitzuten, ekarpen aberatsak eginez landutako gaiaren inguruan. Horri esker aztertu genituen, alde batetik, energia berriztagarrien alorrean dauden sorkuntza aukerak eta bestetik, kontuan hartu beharreko irizpide eta zoru etikoa ere.
Ikuspuntu ezberdinen aurrean iritziak trukatzeko tarteak errespetatuta, bereziki emankorra izan zen teknologia bakoitzaren inguruan irizpideak finkatzeko ahalegina. Burujabetza energetikoa ahalik eta arinen lortu behar dugula jakitun izan arren, ondorio nagusia izan zen, helburura iristeko ez dutela bide guztiek balio. Goienerreko langile eta boluntarioek konpromiso sendoa erakutsi zuten berriztagarrien alde, eta aho-batez erabaki, ez dutela babestuko gutxieneko irizpide etiko eta ekologikorik betetzen ez duen sorkuntza teknologiarik.
Topaketa emankorraren ostean, bazkari eder batekin eta mahaiaren bueltan berreskuratu genituen goizean xahututako energia guztiak, lagunarte ederrean.