Sorting by

×

Nafarroako mega-proiektuen aurrean luzamendua babesten dugu

Azken hilabeteetan berriztagarrien bidez energia elektrikoa sortzeko proiektu berri ugari tramitatzen ari dira Nafarroan: Erribera, Lesaka, Lizarra (Urbasa-Andia), Lizoain-Arriasgoiti, Esteribar, Olaibarre, Ezkabarte, Eguesko Harana, Anotzibar, Erdialdeko Eremuko (Orbaibar, Uxue, Murelu Hautsi, Tafalla, Artaxoa) herrietako parke eolikoak eta eguzki-poligonoak Erreniagan, Erriberrin,… ahaztu gabe Erribera osoan han-hemenka egin nahi dituztenak.

Proiektuok, dituzten dimentsioak ikusita, eragin larria izango dute inguruko ekosistemetan eta komunitateetan. Horregatik, Goiener Elkartetik gure adostasun guztia erakutsi nahi diogu luzamendua eskatzen duen manifestuari. Gure hastapenetatik, energia berriztagarri bidezko sorkuntzaren alde egin izan dugu, eta beti babestu ditugu instalazio deszentralizatuak, herritarrek kudeatutakoak eta hauen jabetza dutenak. Gure apustua beti oinarritu izan da sorkuntza ahalik eta banatuenean zein berriztagarri bidezko instalazio txikietan; sorkuntza puntuak kontsumo lekuetatik ahalik eta gertuen egoteko helburuarekin. Modu horretan, energia-eraginkortasuna hobetzen delako, garraioan ematen diren galerak ekidinez eta energia-kontsumoa murriztuz. 

Energia oinarrizko ondasun bat dela ulertzen dugu eta gure helburua da herritarrek ondasun horrekiko kontrola berreskuratzea, honek duen garrantziaz jabetuz eta energiaren kontsumo arduratsu eta iraunkorra bultzatuz. Goienerrek subiranotasun energetikoa berreskuratu nahi du eta horretarako ezinbestekoak dira partaidetza, erabakitzeko eskubidea eta pertsonak; gure herrietan enpresa handiek egin nahi dituzten proiektu erraldoi eta inposatuen aurrean.

Manifestuan azpimarratzen den bezala, une erabakigarri baten aurrean gaude, Nafarroan makina bat berriztagarrien proiektu erraldoi ezarri nahi dituztelako. Testuinguru horretan, gure ustez ere, beharrezkoa da eztabaida sozial zabala abiaraztea inplikatutako estamentu guztien eta herritarren artean; eta erabakitzea  ea gizarte gisa jabetzen garen larrialdi klimatikoaz; ea ahalegina egingo dugun gure gizartearen behar energetikoak eta materialak murrizteko; ea prest gauden gure kontsumo- eta bizimodu-ohiturak aldatzeko; ea Nafarroa izan daitekeen trantsizio energetikoaren eredu bat, hausnarketatik, lasaitasunetik eta plangintza demokratikotik abiatuta, edo kontrara estatistiketan energia berriztagarriaren ekoizle soil gisa baino ez den agertuko; ea jabetzen garen  berriztagarriek ere mugak badituztela, edo aldiz teknologia hutsa bere kabuz arazo guztien konponbidea dela pentsatzen jarraitzen dugun; ea herritar gisa gure energia sortzeko prozesuan parte hartu nahi dugun, udal eta herri mailako boterea indartuz edo bestela kontsumitzaile huts izaten jarraitu nahi dugun oligopolio energetikoaren eredu zentralizatuaren menpe; ea gure nekazaritza, gure mendiak, gure haranak, gure herriak, gure ingurumen-ondarea, gure kultura-aniztasuna eta natura ulertzeko modua babestu nahi ditugun edo benetan apustu hori bertan behera utziko dugun.

Gauzak horrela, Goiener Elkartean bat egiten dugu egoera larri horren aurrean, manifestuko bi eskaerekin:

1. Nafarroako Gobernuari eta Parlamentuari eskatzen diogu prozesu sozial bat ahalbidetzea gure erkidegoan trantsizio energetikoa eta garapen berriztagarria demokratikoki planifikatu ahal izateko. Ez diezaiegun interes ekonomikoei bidea markatzen utzi. Ez dezagun onartu trantsizio energetikoaren izenean akats berberak errepikatzea, espekulazio- eta irabazi-ereduekin.

2. Bitartean, erakunde sinatzaileok eskatzen dugu berehala eten ditzatela tramitatzen ari diren instalazio eolikoen, fotovoltaikoen eta hauen azpiegituren administrazio-prozedurak. Luzamendu honen helburua da arau gehigarriak egitea ingurunea babesteko alorrean; sorkuntza-instalazioen garapena eraginkorra eta bateragarria izan dadin ingurunearen, biodibertsitatearen eta bertan errotuta dauden komunitateen babesarekin.

Bazenekien Goiener mugimendu bolondresetik jaio zela 2012an? Gaur egun ere talde bolondresak bere ekarpena egiten du Goiener Taldean, oinarrizko lanetatik hasita zuzendaritza taldeko ardurak hartzeraino. Zuk ere lagundu nahi duzu? eman izena boluntario izateko. Horretaz gainera euren lana babestu dezakezu Goiener Elkartera bazkidetu eta urteko 12 euroko dohaintza bat eginda.

Azken albisteak

Udanbizi 2024, bigarren pedalkada

Udanbizi 2024, bigarren pedalkada

Aurreko edizio arrakastatsuaren ondoren, 2024ko birari ekin genion uztailaren 14ean Bilbotik abiatut…

Boluntario topaketa Fagollagan

Boluntario topaketa Fagollagan

Pasa den larunbatean, hilak 25, boluntarioen topaketa berri bat antolatu genuen, oraingoan Fagollaga…

Nola erraztu gure bazkideen parte-hartzea?

Nola erraztu gure bazkideen parte-hartzea?

Iragan larunbatean, irailak 23, Goiener Elkarteko boluntarioen lantalde topaketa egin genuen Zornotz…

Hurrengo ekitaldiak

  • irailak 22Azoka. Zerain
    Zeraingo 30. Azoka Ekologikoa. Ekoizle ekologiko eta artisauen postuak, bigarren eskuko salmentak sustatzeko ekimenak, eta askoz gehiago izango dira plazan. Eta goizean zehar hainbat erakustaldi eta ekintza egingo dira: sukaldaritza […]
  • irailak 26Hitzaldia. Dima
    Gaia: Energia berriztagarrien komunitateak eta autokontsumoa. Lekua: Abaro Aretoa.
  • urriak 03Hitzaldia. Urduliz
    Gaia: Argindarraren fakturari buruzko tailerra. Lekua: Gaztelekua.
  • urriak 16Hitzaldia. Zigoitia-Gopegi
    Gaia: Argindarraren fakturari buruzko tailerra. Lekua: Gizarte eta Kultur Zentroa.